Zerbitzu publikoak hobetzea

Herritarrekiko arreta hobetzeko, zerbitzu publikoak indartzeko eta toki-erakundeak babesteko proiektuak 

Hitzordurik hartu beharrik izan gabe, aurrez aurreko arretara itzulera

Herritarrak Artatzeko eta Erregistroko 30 bulegotan ordua hartuta eta ordua hartu gabe ematen da arreta

Nafarroako Gobernuko Herritarren Arretarako eta Erregistroko 30 bulegok, aurrez hitzordurik hartu beharrik izan gabe, aurrez aurreko arretaren modalitatea berreskuratu dute. Orain arte aldez aurretik hitzordua hartzea derrigorrezkoa izan da. Modu horretan, aurretiko hitzordurik gabeko arreta presentziala eskaintzen da lehen orduan, eta gainerako orduetan hitzordua erreserba daiteke; tarteak libre izanez gero, ordu erreserbarik gabe joaten diren pertsonei arreta emango zaie. Foru Exekutiboa modu horretan egokitzen da herritar guztien beharretara, eta irisgarritasuna hobetzen du, kolektibo kaltebereenen autonomia errazteagatik, eten digitalak gehien kaltetutakoak baitira. 

 


2023rako LEP berria

2.005 plaza enplegu publikoa indartzeko

Nafarroako Gobernuak 2.005 plaza aurkeztu ditu 2023rako birjarpenerako lan-eskaintza publikoen proposamen espezifikoan (LEP). Guztira, 907 plaza Administrazio Nukleokoak dira, 571 plaza unibertsitatez kanpoko irakasleentzat eta 527 plaza osasun-langileentzat. Deialdien helburua da zerbitzuak indartzea herritarrei arreta ematen aurrera egiteko eta enplegu publikoen kalitatea areagotzeko. Eskaintzaren bidez, behin-behinekotasuna murrizteko, hezkuntza- eta osasun-sistema indartzeko eta Administrazio berdea, soziala, digitala eta modernoa bilatzeko apustu estrategikoari erantzun nahi zaio. 

 


Ezohiko euriteetarako laguntzak

6,4 milioi toki-erakundeentzat, muturreko gertakari klimatikoak medio

Maiatzetik irailera bitartean izandako uholde-ekaitz gogorren ondorioz nekazaritza-azpiegituretan kalteak jasan dituzten Nafarroako ehun bat udalerrik Nafarroako Gobernuak bultzaturiko laguntzen ezohiko deialdira jo dezakete. Deialdia 6,4 milioikoa da. Muturreko klima-gertakariak gero eta ugariagoak izango direla ikusita eta lehen sektorearentzat mehatxu berezia jada izanik, Exekutiboak nekazariei laguntzeko neurriak aktibatu ditu. 

 


Beste hobekuntza-proiektu batzuk

Jarduerak gardentasunean, enpleguan, hezkuntzan, euskaran, funtzio publikoan eta herritarrekiko arretan

Nafarroako Gobernuak herritarrei urtero kontuak emateko konpromisoa hartu du, kanpoko adituek, unibertsitate-eremukoek, egindako txostenaren bidez. Modu horretan, ekitaldi bakoitzean, Maria Chivite Lehendakariak inbestidura-diskurtsoan hartutako konpromisoak betetzearen, 2023-2027 Legegintzaldiko Programa Akordioaren eta aurrekontu-itunen inguruko txostena egingo da. 

​​

Euskara heldu-aroan ikasteko goranzko joera berreskuratu du Nafarroak. Ikasturtearen hasieran, 5.000 nafar baino gehiago hasi dira euskara ikasten oinarrizko irakaskuntzen, irakaskuntza ertainen eta unibertsitateko irakaskuntzen hezkuntza-sistemaren eremu osagarrietan; hau da, euskaltegietan edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eskaintzen dituen ikastaroetan. Gainera, helduek euskara ikasteko ikastaro berrirako laguntzen deialdia eta ekimen publiko edo pribatuko euskaltegietarako deialdia egin da; aurten, %17 handiagoa. 
 

​​

Nafarroako gazteentzako 29 informazio-gune eta –bulego ‘puntu more’ bilakatu dira, emakumeen eta nesken aurkako indarkeria guztiei aurre egiteko garatzen diren sentsibilizazio-kanpainak egiteko. Ekimena Nafarroako Gazteria Institutuak eta Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontra Gobernuak duen Ordezkaritzako Koordinazio Unitateak sinatutako hitzarmenaren bidez sortu da. 

Nafarroako Gobernuak Next Generation estrategiatik datozen funtsak koordinatzeko, hedatzeko, gardenak izateko eta kontrolatzeko neurriak indartu ditu. 2023. urtea amaitu baino lehen, aurreikusi da sistema berri bat abian jartzea; sistema horri esker, kode hamaseitar bat eskuratuko da, kode horrek trazabilitatea izango du Kontratazio Atariekin, eta Next Generation funtsei lotutako kontratuen datu guztiak ez ezik, onuradunen informazioa ere emateko balioko du. 2023ko irailaren 30ean, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren inguruko 133 kudeaketa-jarduera daude, eta aurreikusitako finantzaketa-bolumena 547,3 milioi eurokoa da.
 

​​

Hezkuntza-komunitatearen gehiengo zabal batek Nafarroako ikastetxeetako eskola-jardunaldia arautzen duen Foru Agindu berria babestu du. Araudi berriaren bidez, eskola-jardunaldi jarraitu eta malguaren izaera guztiz esperimentalarekin amaitzen da, aldi berri bat irekitzearekin batera, ikasleek eta familiek tresna ekitatiboago bat izango baitute beren ikastetxeetarako zer lanaldi-mota nahi duten modu autonomoan erabakitzeko. Bozketa egingo dute, eta horren emaitzak lau urterako balioko du; gainera, berrikusi ahal izango da inplikatutako alderdiek denbora hori igaro ondoren berriro kontsulta egin nahi badute. 
 

​​

Nafarroako Gobernuak Karrera Profesionalaren aitorpena ordaindu die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko 858 profesionali, eta gastua 10,3 milioi eurokoa izan da (7 milioi atzerapenengatik, 2,1 milioi 2023ko urteko kuotagatik eta 1,1 milioi Gizarte Segurantzagatik). Gainera, 2024an karrera hobetzeko eta hori ez duten estamentuetara zabaltzeko  (sanitarioak eta ez-sanitarioak) asmoa dagoela jakinarazi diote Mahai Sektorialari. 

Garraio sanitarioko Bidean enpresa publikoa erregistratu ondoren, Nafarroako Gobernuak hurrengo urratsak eman ditu jarduera ahalik eta azkarren has dezan. Alde batetik, Administrazio Kontseilua eratu da, eta enpresaren kudeatzaile berria izendatzea adostu da; kargu hori 2023ko abenduaren 1ean hasiko da lanean ofizialki. 

Nafarroako Gobernuak proposamen bat aurkeztu du toki-erakundeetako Idazkaritza eta Kontu-hartzailetzako 155 lanpostutan funtzionarioak izendatzeko eta gaitzeko. Neurri hori merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez ezarri da, eta horren helburua da bitarteko kontratuen tasa handiari heltzea, kolektibo horietan %90etik gorakoa da-eta. Aurrekaririk gabeko egonkortasuna lortu nahi da Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako tokiko zerbitzuetan, azken 30 urteetako mugarri garrantzitsua ezarri eta Foru Komunitateko Toki Administrazioa indartzearren. 

Foru Exekutiboak lan-mahai bat deitu du Parlamentuko talde guztiekin batera, toki-erreformaren inguruko funtsezko gaietan aurrera egiteko, oinarrizko udal-zerbitzuak arrazionalizatzea eta hobetzea bultzatze aldera. Modu horretan, alderdien arteko lankidetzarako gune giltzarria sortuko da, eta tokiko egitura indartuko duten eta komunitatearen ongizatea babestuko duten adostasunak bilatuko ditu, kudeaketa eraginkor eta egungo premietara gehiago egokitutako kudeaketaren bitartez. 

Nafarroako Gobernuak 33 milioi euro esleitu ditu I+G arloko 115 proiekturentzat. Jarduera horietako gehienak Foru Komunitateko S4 Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren erronken barruan kokatzen dira. Lau laguntza-deialdi egin dira proiektu eta aliantza energetiko eta digitaletarako, eta enpresek nahiz Nafarroako I+G+b arloko Sistemako (SINAI) eragileek garatuko dituzte.
 

          ​​

Nafarroako Gobernuak 3 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko hileko 100 euroko laguntzak berreskuratu ditu, 2012az geroztik kenduta zeuden-eta. Laguntza ordaintzen urrian hasi ziren, 2023ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeraginarekin. 0 eta 3 urte arteko seme-alabak dituzten 8.000 familia-unitatek baino gehiagok jasoko dute hilean 100 euroko laguntza hau. Laguntza ordainketa bakarrean jasotzen da, eta, horretarako, 10 milioi euroko inbertsioa aurreikusita dago. 
 

​​

Nafarroako Gobernuak orientazio profesionaleko eta enpresen prospekzioko zerbitzu bat kontratatu du, 9,4 milioi euroko inbertsioarekin. Horrez gain, langabeei zuzendutako Tailer Eskolen eta Enplegu Tailerren programak gauzatzeko diru-laguntzen deialdia onartu du, 10,0 milioi eurokoa, enplegu eta prestakuntzako programa mistoak finantzatzeko. Bestalde, 1,7 milioi euro gehitu dira toki-erakundeek langabeak kontratatzeko prestakuntzen eta pizgarrien partidetan. 

Nafarroako Gobernuak gizarte-ekonomiari eta kooperatibismoari bultzada berri bat emateko apustua egin du, eta, era horretan, gai horri buruzko lehen zuzendaritza nagusia sortu da. Gainera, Gizarte Ekonomiako II. Planaren Ebaluazioa eta Nafarroako Gizarte Ekonomiako III. Plana gauzatzeko ibilbide-orria egin dira. Bestalde, Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren lehen osoko bilkura egin da gizarte-eragileekin, Enplegu Plan berri bat eta Politika Aktiboen Plan bat garatzeko, egungoak %94,8 eta %97,5 betetzea lortu ondoren, hurrenez hurren. 
 

​​

Legegintzaldi berriaren hasieran amaiera eman zaio metodologia berri bat probatzeko proiektu pilotuari; alegia, metodologia horren bitartez, Errenta bermatua eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen duten pertsonentzat enplegua eskuratzeko aukera hobetu nahi da.  Pertsona horiei lagundu zaie orientazioko, Gizarte Laneko eta administrazio-izapidetzako unitate espezifiko berrien arteko lan integratuaren bidez, gizarteratzeko ibilbideak sustatzeko  tarte handiagoarekin. Errenta bermatua jasotzen duten 500 lagunekin esku hartu da, eta 191 lan-kontratu egitea lortu da, hamarretik ia lau. 
 

​​

Nafarroako Gobernuak Foruzaingoaren ordutegiei, lanaldiei eta ordainsariei buruzko Erregelamendua onartu du; hots, herritarrei polizia-zerbitzu hobea ematea lortu nahi duen eta agenteen lan- eta antolamendu-baldintzetan hobekuntzak ezartzen dituen tresna. Erregelamendua aplikatzearen kostu osoa 23,2 milioi eurokoa da, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeragina izateagatik, 2018ko Polizi Legearen garapenean oinarrituta. 
 

​​

Nafarroako Gobernuak larrialdi handiak kudeatzeko garatu duen tresna bati esker, esku-hartze horietan parte hartzen duten zerbitzu ezberdinen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetuko dira, erabakiak azkarrago hartu ahal izango dira, eta egoera bakoitzean beharrezkoak diren planak eta protokoloak martxan jartzea erraztuko da. Aplikazioa 112 SOS Nafarroaren aretoko operatiboan integratuta dago, eta aukera ematen du gertatzen ari diren banakako gorabeherak xehetasunez ikusteko, beharrezko baliabideak denbora errealean non dauden jakiteko eta arriskuei eta azpiegiturei buruzko informazio geolokalizatu osagarria ezagutzeko.

​​

 Nafarroako udalerriek tresna berri bat izango dute azarotik aurrera, lurraldean eragina duten AEMETen alerta meteorologikoak automatikoki eta denbora errealean jasotzeko; modu horretan, unean-uneko informazioa izango dute eta larrialdien tokiko planetan jasotako ekintzak azkar martxan jarri ahal izango dituzte edota biztanleria, ondasunak edo oinarrizko azpiegiturak babesteko balio duen beste edozein neurri gehigarri hartu ahal izango dute. 

Sistema berriaren bidez, AEMETen alertak argitaratu bezain laster iristen dira Nafarroako Gobernuaren zerbitzari batera, eta, bertan, larritasunaren arabera sailkatzen dira; ondoren, fenomeno meteorologikoek kaltetutako eremuetako udal-arduradunei bidaltzen zaizkie.
 

​​

Nafarroako Gobernuak bere turismo-bulegoak eraldatzeko proiektua abian jarri du, eta, horretarako, 1,5 milioi euroko inbertsioa egingo du hasiera batean. Ekimenaren bidez, aldaketa handiak egingo dira egungo bulegoetan, zerbitzuak emateko sare erabat digitalizatua izatearren, sare sozial, publiko eta enpresarialarekin inplikatuagoa, eta bisitarientzako arreta eta informazioa nabarmen hobetuko dituena. Establezimendu horiek Zerbitzu Bulegoak deituko dira orain, eta harreman estuagoa izango dute turismo-agenteekin eta tokiko egoiliarrekin. 
 

​​