Etorkizuneko erronkak

Nafarroak automozio, industria, osasun eta hezkuntzako proiektuak ditu aurrean 

Europako Automobilgintza Eskualdeen Aliantzaren bilera Iruñean.

Nafarroa protagonista Europan

Liderra automozioan eta Euro-eskualdean

Nafarroak oso europarra den legegintzaldia abian jarri du. Foru Komunitatea goi mailako erantzukizunak bere gain hartzeko lanean ari da; tartean, Euro-eskualdeko lehendakaritza (2024-25) eta Pirinioetako Lan Komunitatearena (2026-27). Iruñean egin da automozioan liderrak diren Eskualdeen Aliantzaren bilera, eta Berdintasun Ministerioen Europako bilera txiki bat bertan egitea aurreikusten da. Gobernuaren lehen 100 egunetako Europako Agenda osatzen dute Euro-eskualdeko Bioosasunaren Sariek, Nafarroako bi enpresari emandakoak, eta Espainiaren, Andorraren eta Frantziaren arteko lankidetzarako laguntzen hurrengo ebazpenak (POTECFA). 

 


Berdintasun handiagoko eskola

Hezkidetza Plan berria 2024-2028

Nafarroako Gobernuak Hezkidetza Plan berria egin du 2024-2028 denboraldirako, era guztietako indarkeria sexistak prebenitzeko eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko eskola-eredua finkatzeko helburuarekin. Plana egiteko, herritarrek parte hartu dute, eta Nafarroako hezkuntza-curriculumean sartuko da. Ikastetxeek bultzatu beharko dute irakasleen prestakuntza eta hezkidetza hezkuntzako arlo eta etapa guztietan sartzea. Ildo estrategikoan Skolae Programan zehazten dira. 

 


Presura azoka

Nafarroa despopulazioaren kontrako borrokan

Urrian, Presuraren zazpigarren edizioa egin zen Nafarroan; hau da, landa-eremuko Espainia birpopulatzeko azoka nazionala. Foro horretan, adituak, komunitate-liderrak eta herritarrak bildu ziren, gaur egun garrantzitsuenak diren bi erronkaren aurrean konponbideak bilatzeko: despopulazioa eta erronka demografikoa. Presuran 3.500 pertsona inguru bildu ziren, eta Nafarroan lurraldea kohesionatzeko eta egituratzeko garatutako politika publikoak ezagutzera eman ahal izan ziren nazioan zein nazioartean. Azokan, 70 erakusketari, 55 hizlari eta 80 komunikazio izan ziren. 

 


Industriaren Foroaren eraketa

Lankidetza publiko-pribatua sektorea eraldatzeko

Nafarroako Gobernuak Industriaren Foroa jarri du martxan; hau da, eztabaida publiko-pribaturako gune bat, Exekutiboak, eragile ekonomiko eta sozialekin batera, industria-sektorea egiten ari den eta datozen urteetan egin behar dituen eraldaketak jorratzeko; hala nola, digitalizazioa, iraunkortasuna, produkzio-sektore berriak edo prestakuntza. Hori guztia 4.0 Industria berriaren lehiakortasunarekiko eta kalitatezko enplegu egonkorrarekiko konpromisoa kontuan hartuta. 

 


Europako lidergoa I+G arloan

Nafarroa, 100 eskualde berritzaileenen artean

Regional Innovation Scoreboard (RIS) 2023 tresnak Europako 100 eskualde berritzaileenen artean kokatzen du Nafarroa, azken lau urteetan 47 postu igo ondoren. Igoera nabarmen horri esker, eskualde berritzaile indartsu moduan sailkatu dute. Gainera, ranking horretan, 2021az geroztik, gehien hobetu den Estatuko eskualdeetako bat da. Estatuaren testuinguruan, Nafarroa laugarren komunitate berritzaileena da, eta aurretik Euskadi, Madril eta Katalunia ditu soilik. 

 


Nafarroako Kirol Institutua birdefinitzea

Ongizatea, osasuna eta berdintasuna sustatzeko

Kontuan hartuta kirola eta osasuna binomio banaezina direla, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirol Institutua berregituratu du. Modu horretan, erakundearen izena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua izango da orain, eta hor garrantzia izango dute osasuna zaintzera, ohitura onetara eta bizi-garapenaren eragile gisa jardutera bideratutako politikek. Gainera, emakumeen presentzia kirolean sustatzeko apustua berritu da, publizitate-kanpainen bidez; duela gutxi ‘Kirolak zure falta nabaritzen du’ kanpaina atera da. 

 


Foru Komunitatearen beste erronka batzuk

Iraunkortasunean, teknologia berrietan, hezkuntzan eta turismoan aurrera egiteko jarduerak

Nafarroako Gobernuaren Analisi eta Prospekziorako Bulego berriak datozen hamarkadetako erronkei aurre egiteko prestatzen lagunduko dio Foru Komunitateari. Era horretan, politika publikoak etorkizunera begira planifikatzeko tresna bat izango da. Taldeak egindako lehen lana Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko urteko VII. Txostena izan da. Gainera, datozen hilabeteetan, indarkeria matxistari buruzko ikerketa kualitatiboa ez ezik, adimen artifizialaren eraginaren inguruzko azterketa ere egingo da. 
 

​​

Nafarroako Gobernuak euskararen presentzia teknologia berrien, adimen artifizialaren eta sare sozialen eremuetan areagotzen jarraitu nahi du. Gaitu proiektua euskarazko ahotsen banku publiko handi bat sortzeko bultzatu da ‘makinek hizkuntza horretan ikastea’ sustatzeko, eta dagoeneko 200 grabazio-ordu baino gehiago egin dira. Era berean, 1.400 ikasle baino gehiagok parte hartu dute beste behin Sarean euskaraz ekimenaren edizio berri batean, euskara teknologia berrietara hurbiltzeko, batez ere gazteen artean. 
 

       ​​

Nafarroak abian jarri ditu Lanbide Heziketa antolatzeko eta integratzeko Lege Organiko berria aplikatzeko beharrezkoak diren arau-aldaketak. Aldaketa horri esker, Foru Komunitatean ezarritako 107 curriculumak ekoizpen-sektoreen errealitate berrietara egokitu ahal izango dira, eta irakaskuntza horien onarpena eta ebaluazioa bezalako prozedura hain garrantzitsuak aldatu eta irakaskuntza horien alderdi duala indartu ahal izango da, enpresak ikasleen prestakuntza praktikoan inplikatuz. 

Nafarroako Gobernuak, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren inguruko Foru Legean ezarritakoaren arabera, parke eoliko eta fotovoltaiko iraunkorrago berriak ezartzera bideratutako lurralde-mapak eta irizpideak lantzeko prozesua abian jarri du. Urrats estrategiko horren helburua da Nafarroan energia berriztagarriak hedatzen laguntzeko jarraibide argiak ezartzea, ingurumena gehiago errespetatuko duen eredu baterako trantsizioa bultzatuz. 

100 enpresa baino gehiago atxiki dira jada Nafarroa Zirkularrera; hau da, Foru Gobernuak duen plana Nafarroako produkzio-ehunean trantsizio ekologikoa bultzatzeko. Nafarroa Zirkularrak diagnostikoak eskaintzen dizkie prozesu edo produktuetan ekonomia zirkularreko neurriak ezagutu eta sartu nahi dituzten enpresa guztiei. Lankidetza publiko-pribatuko ekimena erreferentzia izatera iritsi da jada Europan. Horren bidez, EBk arlo horretan martxan jarriko duen legegintza-paketeari aurre hartu dio Nafarroak. 

​​

Nafarroak Trantsizio Komunitarioko Bulegoak izango ditu, horiek martxan jartzeko laguntza batzuk jaso baititu. Unitate horien ardura izango da herritarrei eta enpresei trantsizio energetikoaren inguruko informazioa eta prestakuntza ematea, eta, zehatzago, komunitate energetikoak eratzea. Tokiko Ekintzako Taldeekin batera egingo da lan, eredua aldatzea bultzatzeko. Halaber, Nafarroako energia-banatzaile guztiekin hitzarmen bat sinatu da, trantsizio energetikoan lan egin eta autokontsumo kolektiboaren inguruko izapide-lanak errazteko. 

Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 2023ko Funts Teknologikoarekin lotuta, Merkataritza Modernizatzeko 2023ko Funts teknologikoaren Programako diru-laguntzak eman dira. Laguntza horiei esker, tokiko 70 denda txiki eta ertain baino gehiago digitalizatzeko proiektuen %100 finantzatu da. Plan horien helburua da merkataritza babestea, kontsumo-ohitura berrietara, salmenta-, posizionamendu- eta banaketa-modalitateetara egokitzeko, enpresak lehiakorragoak, erresilienteagoak eta iraunkorragoak izan daitezen. 
 

​​

200 enpresa baino gehiago bildu dira CI2023 egunean; hau da, Nazioartekotze Eguna dela-eta Nafarroako Gobernuak sustatutako jardunaldian, nazioartekotzea bultzatzeko eragileak (erakundeak, aholkulariak edo aholkularitza-enpresak) eta Nafarroako enpresa esportatzaileak edo esportatu nahi dutenak elkartzeko asmoarekin sortutakoan. Aurten, 2023an, jardunaldi honetan adierazitako erronkak eta lortutako ondorioak bereziki garrantzitsuak dira, 2024-2026 urteetarako Nafarroako Nazioarteko Plan berria diseinatzen lagunduko baitute. 
 

​​

Hilabete honetan, 7.000 panel fotovoltaiko inguru instalatzen amaituko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko eraikin guztietan, liburutegian izan ezik. Instalazioa abenduan jarriko da martxan, sare elektrikora konektatu ondoren. Jarduera hau NUP Green Smart & Sustainable Campus proiektuaren barruan sartzen da, 3,1 milioiko finantzaketa izango du Europako Next Generation funtsen kontura, eta erakunde akademikoari aukera emango dio iturri ez berriztagarrien kontsumo energetikoa %30 murrizteko. 
 

​​

Nafarroak abian jarri du bere zibersegurtasun zentro berria, Zibersegurtasunaren Institutu Nazionalarekin lankidetza-hitzarmen berria sinatu eta erakunde horretako koordinatzailea kontratatu ondoren. Zentroa Berrikuntza Digitaleko Poloan integratuta egongo da, eta lurralde osoan zibersegurtasunaren zerbitzuetarako leihatila bakarra izango da. Navarra Cybersecurity Center lankidetzako CIBERREG proiektuan kokatzen da. Proiektu hori Nafarroako Gobernuak zuzentzen du estatu-mailan, eta Espainiako beste zazpi eskualdek parte hartzen dute.
 

​​

Foru Gobernuak bi ekimen bultzatu ditu baso-agenda berraktibatzeko eta egurrak ingurumen-tresna gisa eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko, CO2 emisioak arintzeko, eta toki-garapenerako eta aberastasuna sortzeko palanka gisa. Horrela, sektoreari laguntzeko talde profesional bat eratu du, legegintzaldi honetan baso-aprobetxamendua %25 handitzearren. Horrez gain, lankidetza publiko-pribatuko bide bat ireki du Lesakako Eskolamendiko basoan, kiskalitako eremuen baso-berritzea sustatzeko karbono-aztarna  arindu nahi duten enpresekin batera.
 

      

Nafarroa lehena da Estatuan klima-aldaketaren kontrako toki-konpromisoari dagokionean, 156 udalerrik jada eginda baitute Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Tokiko Plana edo Estrategia (PACES), eta beste 47 udalerri horretan ari baitira, herritarrek ekarpenak egin ahal izateko partaidetza-fasean izanik. PACES horien adibide moduan, azaroan, euri-ura berrerabiltzeko proiektua aurkeztu da Burlatan, lorezaintzan aprobetxatzearren. 
 

​​

Gobernu berriak sustatutako lehen legeen artean, Arrantza Kudeaketari buruzko Foru Legearen proiektua nabarmentzen da. Proiektu hori lehen aldiz sortu da ehizari buruzko arauditik aparte, eta horren helburua da kirol-arrantzako jarduera iraunkortasun-printzipio berrien arabera egitea. Ibaiko biodibertsitatea eta uretako ekosistemak eta Nafarroako espezie autoktonoak babestea bermatu nahi da. Zehapen-araubidean berrikuntza batzuk ditu; hala nola, arau-hausleak isun ekonomikoa ordaindu ordez, “ordezko ingurumen-prestazio” bat egin ahal izatea.
 

​​

Gobernuak Nafarroako Erribera eta Iruñerako iraunkortasun turistikoko planak gainbegiratzen ditu, eta horietako bakoitzak 5,4 milioiko aurrekontua du, Next Generation funtsekin finantzatuta. Erriberan aurreikusitako ekintzen ia erdia gauzatu da jada, eta Gobernuaren lehen 100 egunetan proiektu nabarmenak landu dira; hala nola, Ebroko Korridore Berdea amaitzea Tuterako parean, mendiko bizikleta-zirkuituak babestea, ondare txiki eta ertaina egokitzeko laguntzak ematea eta 12 informazio-puntu digital berri jartzea hainbat herritan.