Herritarren eskubideak

Legegintzaldiaren hasierako jarduerak etxebizitza eskuratzeko, zerga-neurriak ezartzeko eta justizia errestauratiboa lortzeko aurrerapenetan oinarritu dira

Etxebizitzak, Ardoiko lursail batean.

Eskuratzeko moduko alokairurako neurriak

Pizgarriak etxeak lagatzeko eta laguntzak gazteentzat

Nafarroako Gobernuak hainbat neurri hartu ditu pisuak Alokairuko Poltsan lagatzea sustatzeko. Poltsan 1.000 etxebizitza inguru daude jada. Hemendik aurrera pisuak lagatzen dituzten pertsonek sartzen duten prezioa %6 igo da, eta jabeek desgraba dezaketen kenkaria %60tik %70era igo da. Halaber, EmanZipa gazteen alokairuko programaren baldintzak hobetu dira: etxebizitza eskuratu ahal izango dute 35 urtera bitartekoek, gehieneko errenta 22.000 eurokoa da, eta tarte guztietan batez beste 50 euro igo da hilean. 

 


Inflazioaren aurreko neurri fiskalak

PFEZaren tarifaren deflaktazioa eta gutxieneko pertsonalak eta familiarrak igotzea

Azaroaren 8an, 2024ko Zerga Neurriei buruzko Lege Proiektua onartu zen gobernu-bileran; bertan, inflazioaren ondorio kaltegarriak nabaritzen ari diren pertsonei laguntzeko hainbat xedapen jasotzen dira. Modu horretan, Nafarroako Gobernuak PFEZaren deflaktazio bana egitearen aldeko apustua egin du: 2023ko zergari %4 aplikatzea eta 2024rako %3koa izatea. Halaber, gutxieneko pertsonal eta familiarren bi igoera berri aurreikusten dira, %3koa 2023an eta beste %3koa 2024an. 

 


Elizaren biktimei laguntzeko aitzindaria

Justizia sexu-abusuak jasan dituztenentzat

Proiektu pilotu bati esker, Nafarroa Eliza Katolikoaren barruan egindako sexu-abusuen biktimentzako justizia errestauratiboko zerbitzua eskaintzen duen lehen komunitatea izatera iritsi da Espainian. Orain arte, bi biktima izan dituzten bi prozesu errestauratibo aitzindari amaitu dira, eta espazio seguru bat sortu da pertsona horiek beren beharrak parteka ditzaten, galderei erantzuna bila diezaioten eta kaltea konpontzeko beharrezko ekintzak identifika ditzaten. Urtarrilean, era horretako esku-hartzea bermatutako prestazio bihurtuko da. 

 


Eskubideetan aurrera egiteko beste jarduera batzuk

Jarduerak boluntariotzan, feminismoan, memoria historikoan, migrazioan, hezkuntzan eta kulturan

Nafarroako Gobernuak boluntariotza bultzatzen du Nafarroa + Boluntarioa plataformaren bidez, eta, egun, 3.000 pertsona inguru daude bertan inskribatuta. Nafarroako Boluntarioa saria sortu da, 2024tik aurrera, beren dedikazioa, gizarte-eredua edo jardueren garrantzia dela-eta nabarmentzen diren boluntarioak saritzeko. Horrez gain, Boluntariotzako III. Plana egiten ari dira, eta, bertan, datozen lau urteetan Foru Komunitatean bultzatzeko neurriak eta lehentasunak ezarriko dira. 
 

​​

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) abian jarri dute Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedra. Neurri horren helburua da era horretako ikasketak finkatzea ikerketaren eta irakaskuntzaren arloetan eta unibertsitate-komunitatea bera gainditzea, herritar guztiengana iristeko. 

​​

Foru Komunitatea gogor ari da lanean eskualde arteko bazkideekin, mugaz gaindiko espazioa eta proiektu partekatuak sustatzeko. Duela gutxi, sinbolismoz betetako gertaera gertatu da, ia hiru urteko elkarrizketa eta kudeaketen ondorioz; hau da, Izpegi, Urkiaga eta Larrauko azken hiru muga-pasabideak berriro irekitzea, Frantziako aldeak ofizialki itxita baitzituen 2021eko urtarrilaz geroztik, arrisku terroristako arrazoiak zirela-eta. 

​​

Ikasturte honetan, Memoriadun Eskolen edizio berria jarri da martxan. 8.000 ikasle baino gehiagok eman dute izena, eta horiei Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Eskolen programako 19.500 ikasle gehitu behar zaizkie. Horrez gain, Donezteben, nazioarteko tailer bat egin da Landscapes of Devastation (Suntsipen-paisaiak) proiektuaren barruan; hau da, artearen bidez Gernika, Gijon, Berlin, Tesalonika edo Kyiv bezalako Europako herrietan gerrak izandako ondorioak aztertzen dituen ekimena. Bestalde, Bakearen Nazioarteko Eguna dela-eta, +34 Fundazioa saritu zen atzerriko herrialdeetan askatasunaz gabetutako pertsonei emandako laguntzarengatik. 
 

        ​​

Nafarroako Gobernuak Gurutze Gorriarekin duen kontratua berritu du, Atzerritartasunaren arloan eskaintzen dituen aholkularitza-zerbitzuak indartzeko. Zerbitzu horiek ia 5.500 migratzaile artatu dituzte urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Kontratu berriari esker, zerbitzuan giza baliabide gehiago jarri, arreta-puntu berriak sortu eta telefono bidezko arreta zentralizatu ahal izango dira, erabiltzaileek burutu beharreko prozesu burokratiko asko ebatzi eta gauzatu ahal izan ditzaten. 
 

​​

Nafarroako hezkuntza-sareak Gizarteratzeko Foru Agindu berria du, eta familiei beren ikasleak nahi duten ikastetxeetara eramatea bermatzen die. Ikasle guztien aniztasuna kontuan hartzeko neurriak arautzen dira, bereziki laguntza-premia espezifikoak dituzten ikasleei eta batez ere hezkuntza-premia bereziak dituztenei (37.000, kopuru osoaren %26) erreparatuta. Oro har, ikasleak ikastetxe arruntetan eskolatuko dira, eta alde indibidualak, interesak, hizkuntzak ikasteko programa ezberdinak egiteko beharrak eta antzekoak direla-eta bereiziko dituzten taldeak ezartzea saihestuko da. 
 

​​

Nafarroako Gobernuak funtsezko bi inkesta atera ditu urteko azken hiruhilekoan, osasun-sistema hobetzeko puntuak ezartzeko: 2023ko laneko giroari buruzko inkesta eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan artatutako pertsonen gogobetetzeari buruzko inkesta. Bi inkesten emaitzak 2024ko lehen lauhilekoan eskuratu ahal izango dira. 

Aurreko legegintzaldiaren amaieran sortutako eta Exekutibo berriaren akordio programatikoan jasotako Ekitate Beken bigarren edizioa atera du Nafarroako Gobernuak. Laguntza-deialdi berria 570.000 eurokoa da, eta, horri esker, errenta-maila txikiko ingurunekoak diren eta errendimendu akademiko ona duten hamar gaztek erabat ikasketetan aritu ahal izango dute, unibertsitate-prestakuntza lortzeko. Horretarako, ikasturte bakoitzeko 9.500 euro emango zaizkio onuradun bakoitzari. 
 

​​

Nafarroako Gobernuak Abentura Digitalaren programaren bidez trebakuntza digitalaren arloko prestakuntza eskaintzen du doan, eta maila aurreratura zabaldu da, eta, era horretan, Adimen Artifizialari, hodeiko lanari eta zibersegurtasunari buruzko ikastaroak antolatu dira. Programa 2022an ezarri zen, eta Europako Next Generation funtsekin finantzatu da. Programa Nafarroako herritarren aniztasun zabala artatzeko diseinatu da; hots, maila ertaineko ikasleetatik hasi eta goi mailakoetaraino, tartean adinekoak, erretiratuak eta baztertze digitala jasateko arriskuan dauden kolektiboak ere bai. 
 

​​

Lehen sektoreak ziurgabetasun-testuingurua bizi du, Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren eredu berria indarrean sartzeagatik eta produkzio-kostuen igoerak, lehortearen ondorioek eta merkatuen globalizazioak baldintzatutako ingurunearengatik. Modu horretan, Nafarroa izan da NPBren aurrerakinak gauzatzen hasi den komunitateetako bat. Foru Gobernua 31,4 milioi euro ordaintzen hasi da 11.000 nekazari eta abeltzain baino gehiagorentzat, abenduan 2024rako laguntzen %90 eta %95 artean izatea lor dezaten. 
 

​​

Foru Gobernuak Nafarroako Kulturaren 2024-2028 Plan Estrategikoa egiteko kontsulta-prozesua abian jarri du. Foru Komunitaterako kultura-arloko ibilbide-orria egiteko hausnarketa parte hartzeko 15 lan-mahairen inguruan egingo da. Horietako 6 lurralde osoan zehar banatuta daude, 7 izaera sektorialekoak dira eta beste 2 mahai zeharkakoak, gazterian oinarrituak. Fase horretan, Nafarroako kultura- eta sormen-sektorearen egungo egoera ebaluatzeko eta horren diagnostikoa egiteko lanak ere egingo dira. 

​​