Azpiegitura berriak

Herritarren zerbitzura dauden proiektuak, bide-sarean eta mugikortasunean, hezkuntzan, osasunean eta enpleguan 

AP-15 doan gutxienez 2027 arte

24 ordutan joan-etorriko bidaia egiten duten ibilgailu arinentzako deskontuen luzapena

Nafarroako Gobernuak AP-15 errepideko deskontua aplikatzeko epea luzatzea onartu du bide horretan 24 ordu baino gutxiagoan joan-etorria egiten duten ibilgailu arinentzat. Neurri horri esker, Autobidearen erabiltzaileek ordaindu beharreko prezio garbia %100 murriztuko da, ibilbidean BEZa bakarrik ordainduko baitute. Foru Gobernuak 11,9 milioi euroko gastua hartu du bere gain neurri hori gutxienez 2027ra bitarte indarrean izateko. 

 


Andrés Muñoz Garde ikastetxeko instalazioak.

Hezkuntza-arloko azpiegituren plana

Lezkairuko ikastetxe berria inauguratu da eta Andres Muñoz Garde ikastetxea berritu da

Gobernuaren lehen 100 egunetan, Paderborn-Lezkairu ikastetxe publiko berria abian jarri da, REACT funtsen bidez finantzatuta. Halaber, hezkuntza bereziko Andres Muñoz Garde zentroa martxan jarri da, goitik behera birgaitu eta handitu ondoren. Halaber, aurrera doaz Oronoz-Mugairiko LHko ikastetxe berriaren eraikuntza, Irunberriko Batxilergoaren eskaintza, Erripagañako haur eskola berria eta Sarrigurengo Institutuaren eta Corella, Abartzuza eta Arraiotzeko ikastetxe publikoen handitze-lanak. Era berean, Fiteroko Juan de Palafox ikastetxea handitzen amaitu da. 

 


Tomografo berria.

Berrikuntza teknologikoa ospitaleetan

Diagnostiko eta tratamendu hoberako ekipamenduak

Nafarroako ospitale publikoetan diagnostikoa eta tratamendua egiteko ekipamendu berriak jarri dira, eta horiekin berrikuntza teknologiko handia lortu da. Ekipo batzuk jada zerbitzua ematen ari dira Iruñeko, Tuterako eta Lizarrako osasun-eremuetan, INVEAT eta REACT funtsekin finantzatuta, eta horien artean honako hauek nabarmendu behar dira: partikulen hiru azeleragailu lineal, erresonantzia magnetiko bat, gammakamerak, PET-TC bat, angiografo bat eta lau TAC. Gainera, Foru Gobernuak 907.491,50 euro inbertitu ditu hiru mamografo berri eskuratzeko, bularreko minbiziaren prebentzio eta diagnostiko goiztiarreko programarako. 

 


Inbertsioa errepideetan Nafarroa osoan

Melida eta Caparroso arteko eta Oronoz-Mugairi eta Sunbilla arteko bide-zatiak berritzea

Herritarren eskari historikoei erantzunez eta bide-segurtasuna gehitzeko asmoarekin, Nafarroako Gobernuak amaitu berri ditu NA-128 errepidea hobetzeko lanak, Melida, Caparroso eta Rada konektatzen dituena, eta N-121-A errepidearen bihurketa integralaren laugarren zatia, Oronoz-Mugairitik Sunbillara 11,5  kilometroko zatia hartzen duena. Obretarako, 12,2 milioi eta 21 milioiko inbertsioa egin da, hurrenez hurren. Segurtasuna eta arintasuna handitzeaz gain, esku-hartze horien bitartez bi eremuen garapen ekonomikoa eta soziala bultzatu nahi dira. 

 


Enplegurako zentro berria Tuteran

Lan-merkatuan sartzeko akonpainamendua Erriberan

Pasa den urrian hasi zen lanean Tuterako Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Akonpainamendu eta Berrikuntza Zentroa (COE), Erriberan era horretako ezaugarriak izango dituen lehen zentroa. Zerbitzuaren helburua da orientazio eta ekintzailetzako proiektu berritzaileak bultzatzea, inguru horretan enplegua lortzeko aukera aktibatzearren. COE berri horretarako 670.000 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Next Generation Europako funtsen kontura finantzatu da. Lehen proiektu gisa, gazte enplegurako hasiera izan da Tutera eta ingurunerako. 

 


Azpiegituren proiektu gehiago

Zuzkidura berriak sexu-indarkeriaren biktimentzat, osasun-zerbitzuentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat

Sexu-indarkerien aurrean Arreta Integrala emateko Zentroa eraikitzeko lanak amaitu dira, eta 2024. urtearen hasiera aldera martxan jartzea aurreikusten da. Baliabide berri hau funtsezkoa izango da sexu-indarkeria ikusarazteko eta artatzeko, oso hedatua baina askotan ezkutatua dagoelako. Zentroa egiteko 1,3 milioi euroko inbertsioa behar izan da, eta Next Generation Europako funtsen kontura finantzatu da. 

Zizur Nagusian beste osasun-zentro bat dute irailaz geroztik, eta, horretarako, 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da, REACT funts europarrei esker. Zentro berrian, 13 profesionalek osatutako plantillak Ardoi eta Zizur herriko 9.000 bizilagun ingururi ematen die zerbitzua. 
 

​​

Urriaz geroztik, pisu berri bat abian da Iruñean, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat, eta 12 plaza ditu; Nafarroako Gobernuak era horretako ezaugarriak dituen zazpigarrena da. Gobernuaren lehen 100 egunetan, gainera, autonomiarako eta irisgarritasunerako laguntza-produktuen deialdiak kudeatu dira adinekoentzat eta mendekotasuna eta/edo desgaitasuna dutenentzat. 7 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da, eta Europako Next Generation funtsekin finantzatu da.